RAID Arratia 12‎ > ‎

Kronika

RAID Arratia; lokatz eta abentura zipristinak

Asier Osinaga


Arratiarrak ohituak dira dagoeneko; hezetasuna bere baitan erakusteko sarri izaten baitute euria horren paraje ederrean. Eta domeka ez zen salbuespena izan; goizeko lehen orduetan aterri eutsi bazion ere, bertan ospatu zen RAID zoragarriak eusko-label ukitua izan baitzuen, xirimiria eta zaparradak han eta hemen.
Herri barruko orientazioak jarri zituen bikoteak martxan; herri bera ezagutzeko aukera emateaz gain, bikoteen erritmo ezberdinak ezartzeko balio izan zuen. Errunbo jolas bitxi bezain polita oso erakargarria iruditu zitzaigun. RAIDa indarra hartzen hasia zegoen eta bizikletako gurpilak mugitzen jarri aurretik patinetako errubeden txanda izan zen. Esan, patin modelo esanguratsuak ikusteko aukera izan genuela; hala nola, alabari edo “lapurtutako“ patin larrosak sari sorpresaren bat jasotzeko meritua egin zuen behintzat.

Eta bizikletaren kontura lokatza dastatzeko aukera aurkeztu zitzaigun. Balizen bila, tarte askotan pedalak gogor astindu arren, atzeko gurpila behin eta berriz labaintzen zen. Txokolatea ibilbide osoan zehar aurkitu genuen elementua izan zen; eta Dima herrira sartu aurretik bizikletak jaso zuen dutxa beharrezkoa izan bazen ere, azkar batean zipristindu zen berriro lokatz marroiez.
Oinez egin beharreko zatiaren ordua heldu zen; hezetasuna giharretan Arratiak eskaintzen dituen perla zoragarriez gozatzeko aukera aurkeztu zitzaigun. Baltzola kobetako aterpe naturalean igartzen ziren tantek, nolabaiteko musika naturalegi bat ematen zioten balizen bilaketari. Esperientzia berria,ederra eta erakargarria.
Azken segmentuan bizikleta berriz hartuta, Artearako bideari ekin genion; paeilaren usainean RAIDari bukaera ematera abiatu ginen. Bertan bizitakoaz gozatuz, beste batean eta eguraldia lagun, pasatako txoko eder horietatik berriro igaroko naizen konpromezu eta esperantzaz.

Denboraz nahiko justu, herriko plazara iristear, azken saiakera, azken pedal kolpea alabei begira, haien txaloak besarkatuz eta gorputz barruraino sartutako euriaren erakusle, malko bi begietan.

Comments